lunes, 30 de mayo de 2016

Interpretazioaren inguruko hausnarketak

Interpretatzea funtsean errealitateari zentzu eta esanahi jakin bat ematea da. Gure inguruneko fenomeno eta gertaerei balio bat ematea, eta balio horiengan iritzi bat eraikitzea. Interpretazio asko eta asko gu geu kontziente izan gabe ematen dira, eta erabat barneratuta ditugun eskema soziokulturaletatik eratortzen dira. Horiexek dira hain justu interpretazio arriskutsuenak. Oharkabean sorturiko interpretazioak ustez objektiboak diren datuekin nahasten ditugu maiz, eta objektibotasun horretan oinarriturik, lagun hurkoari geure pentsatzeko logika inposatzen saiatzen gara. Sekulako akatsa.

Mendebaldea ez dago kritikak onartzen ohitua. Europa eta Estatu Batuak haien mundu ikuskera unibertsalki baliagarria dela sinistuta azaltzen dira, eta sinesmen horrekin, gainerako gizarte eta kulturengan interpretazio homogeneizatzaileak inposatzen dituzte. Gainerako lurraldeetako mundu ikuskerak onartu eta aintzat hartu beharrean aniztasun horiek pentsamendu hegemonikoaren mehatxu direla ulertzen dute lurraldeok.

Umiltasun falta ikaragarria antzematen da gure gizartean. Denek izan nahi dute egi absolutuaren jabe, denek izan nahi dituzte pentsamendu zuzenenak eta. Alabaina, balio guzti horiek naturalki subjektiboak direla ohartzen diren gizabanako gutxi dago. Elementu subjektibo gehienek oinarri kulturalez osatuak dira, eta geure kultura denetan hoberena, egokiena, baina batez ere, logikoena dela pentsatzean, geure paradigma interpretatiboa besteei ezartzen saiatzen gara. Ez dira asko umiltasunez bi bider pentsatzen geratu eta “ez, nik hau horrela ulertu behar dela pentsatzeak ez dit errealitate hau horrela denik bermatzen. Agian besteak arrazoia izan dezake” hausnartzen dutenak.

Desira unibertsalistako interpretazioek, funtsean, egozentrismo ikaragarria gordetzen dute. ‘Besteak’, hots, kultur, erlijio, sinesmen politiko, lurralde, sexu orientazio, genero, arraza edo abarrengatik ezberdinak diren pertsonenganako mespretxu eta gutxiespena erakusten du nahi inposatzaile horrek, baina hain barneratua dugu eskema hau, ezen askotan ez baikara errealitate honetaz jabetzen.

Aditzen ikasi behar dugu. Geroz eta bizkorragoa den gizarte honetan ez dugu batere aditzen. Entzun bai, zeozer entzuten dugu, soinu edo zarataren bat akaso, baina hala geure errealitatearen interpretazio eskemetatik at dagoen gauza oro onartzeko prest ez gaudelako, edota ziztu bizian doan bizitza honetan pentsatzeko astirik ez dugulako, ez gara besteen esana aditzeko kapazak. Eta hori bai akatsa, hori.

Baina ez da gure errua, ez erabat behintzat. Hedabideek ez dute ez umiltasun eta ez aditze lan horretan laguntzen, erabat kontrakoa baizik. Prentsako titulu sentsazionalistek edota telebistako eztabaida zaratatsuek ez dute errespetuzko pertsonen arteko komunikazio baketsu eta osasuntsurik sustatzen. Ez da harritzekoa txikitatik horrelako adibideekin hezitako haurrek sekulako nagusitasunean oinarrituriko jokaerak hartzea. Hona hemen hedabideek egungo gizarte mediatizatuari irakatsia: zenbat eta lotsagabekiago esan gauzak, orduan eta objektiboagoa izango da esaten duzuna. Izan ere, objektibotasuna ez da datu eta ikerketetan oinarritzen, baizik eta zeuk lotsagabeki esateko abilidadean. Zenbat eta gehiago inposatu zeure diskurtsoa orduan eta arrakasta handiagoa izango duzu. Hona egun irakaspen honen emaitzak.

Egungo gizartea, beraz, elkar aportatzeko harreman osasuntsu batean oinarritu beharrean, inposizio diskurtsibo batean funtsatzen da. Eta elkar aditzea balioztatzen ez duen gizarteak errealitatearen inguruko interpretazio “hoberena” dutela pentsatzen duten indibiduo atomizatu taldeak existitu daitezen suposatzen du. Akats larria.

Paradoxikoa da egungo gizarteak askatasuna zerekin lotzen duen antzematea. Askok askatasuna “nahi dudana” egitearekin erlazionatzen dute, egin “nahi duten” hori aurretik inposatutako eskema soziokulturaletatik eratorritako gizarte kodeak direla antzeman barik. Badira pertsona asko, zeintzuek haien interpretazioa interpretazio askea dela pentsatzen duten, baina haien buruak kultibatzen saiatu ez direnez, ez dira kaiola batean bizi direla ohartzen. Baina are okerrago dena, ez dute ohartu nahi erez. Eta erdaraz esan ohi den bezala: no hay peor ciego que el que no quiere ver.

Jakinduriak eta kulturak aske egiten gaitu. Objektibotasun erabatekora iristea ezinezkoa dela onarturik, eta ezagutza guztiaren jabe ez garela jakiteak ematen digun umiltasunetik, errealitatera ahalik eta gehien hurbiltzen saiatzen dago meritua, hots, hedabideen mezu distortsionatutik aldendu eta jakinduriak emandako instrumentuetatik abiatuta geure ezagutza zabaltzean, ondoren ezagutza horretatik duintasun handiagoko interpretazioak atera ahal izateko.

Alabaina, horrek, noski, norbanakoari esfortzu bat eskatzen dio. Aurrez prestatutako pentsaera estereotipatu eta barregarriki sinplifikatuetatik aldendu beharra eskatzen du. Errealitatea guk ikusten edo guri ikustarazten digutena baino askoz ere konplexuagoa dela onartu beharrera garama prozesu honek, eta bertatik has gaitezke pentsamendu irekiko gizarte berri bat eraikitzen.

Neuk askotan pentsatzen dut gizarte horretan. Gizarte ideal bat, non interpretazio suntsitzaile eta baztertzaileak egon beharrean, elkarrizketa baketsu eta osasuntsuetan oinarrituriko komunikazio ekintzak mantentzen diren. Gizarte jakintsu, umil eta duina, errespetuz trataturiko harremanetan hezurmamitutakoa.

Kuriosoena zera da, berez ez zaidala batere zaila iruditzen neure irudimeneko gizartera ailegatzea. Jendearen borondatea balego soilik! Alabaina, interes ekonomikoak interes ekonomiko, diru zikin eta errazak gizartearen eboluzio morala etengabe eteten diharduelako usteak harrapatzen nau. Errentagarritasuna itsuki lortzekotan kultura behin eta berriro desprestigiatzen da, antza, jakiteak dirurik ematen ez duelako.

Horrela mantentzen dugu interpretazio egokiaren jabe absolutuak direla pentsatzen duten gizabanako esklaboak, etengabeko liskar batean sartuak. Batak besteari itsuskeriak esaten eta auzitan jartzen hurkoaren santuak. Jakinduriak askatzen gaituela ulertu beharrean, denek elkarren gainetik geratu nahian esaten oihuak. Horrela ezer konpontzerik ez dago, eskerrak batzuk ez garen haiek bezalako oiloak.

Saiakera hau amaitzeko, egungo gizartearen gaitz handienetako baten konpobide giltzarria aipatzen duen atsotitz bat aipatuko dut. Honela dio esaerak:


“Dakienak badaki, ez dakienak baleki, orduantxe bai ederki!”